XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Autoaren plan hori, erdizka bakarrik gustatzen zitzaidan.

Lehenbizi, berria ez delakoz.

Gero, eta batez ere, sobera agudo gertatuko zelakoz.

Denbora behar nuen neskei arrazoiak emateko, haiek nere atzaparretan harrapaturik ikusi behar zuten beren burua, etorriko zitzaienaz ohartu behar zuten.

Autoa... baina azkenean.

Autoa bukatzeko.

Uste dut atzeman nuela.

Lehenbizi, toki baketsu batera eraman.

Eta bertan, akabatu.

Arrazoiak emandakoan.

Berriz autoan sartu, eta istripua.

Sinplea eta hobea.

Bai?

Horrenbeste?

Horretan pentsatzen segitu nuen denbora batez.

Nerbiosten ari nintzen.

Azkenean, ideia guzi haiek saihestu egin nituen eta nere baitan erran nuen ez zela deus ere pentsatu bezala gertatuko, eta mutikoaz oroitu nintzen.

Lourekin izandako hondar solasaldiaz ere oroitu nintzen.

Amua botaia, neska hura beitari hozka egiten hasia zen, eta hori gorpuzten ari zen.

Eta gauza harengatik arriskatzeak merezi zuen.

Autoa, ahal izan ezkero.

Bestela, bost axola.

Muga ez zegoen urruti, eta, Mejicon, ez zuten heriotz zigorrik.

Uste dut, denbora hartan, buruan beste proiektu bat hala-hola zebilkidala, eta momentu hartan itxura hartzen ari zela, eta, egia erran, zeri zegokion pentsatzen hasi baizik ez nuen egin.